XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Amaia: Xabierrek deitu din Puertotik.

Bihar omen duzue vis a visa.

Bihar, larunbata. Amari esan ez naizela afaltzera etorriko.

Batzarra dinagu Ugaldetxon. Eta ondoren afaria.

Ondo izan. Mikel.

Udaberriak ustekabean hartu du Oiartzun apirilaren amaieran, bailara osoa itsasora arte.

Aiako Harrietatik begiratzen du eguzkiak goizean.

Baina Oiartzungo herrian pausatzen dira eguzkiaren begiak, gertuago duelako zoko berde hura agian, lotsagabe berari so.

Aiako Harrietako mendian behar baino denbora gehiago egiten du eguzkiak.

Mendi horretan datza, biribil, eguerdira arte ia, edo horrela iruditzen zaie bertako biztanleei.

Udaberria da.

Astronomoek diotenez, eguzkia urtaroen ezjakin da.

Zein lekutan bizi dira astronomoak Oiartzunen?

Ugaldetxotik Elizalderako bidean, muino batean dago Amaiaren gurasoen baserria.

Ostiral goiz honetan, egunsentiaren aurretik, baserriak eta inguruak paisaje ezin ederragoa osatzen dute, edozein pintore erakartzeko modukoa.

Baserri aurreko zelaitik begiratuta, goian dago baserria, kaxkoan.

Baserri aurre zelai hau, maldan, maldan behera.

Bazterrean, eskuin aldean, txukundutako lahar batzuk hesi modura jarriak zelaiaren mugak zehazten-edo.

Goitik behera, irristatuz bezala, udaberriaren lehen loreak datoz oker eta xuxen. Ilbeteak urdinez, morez margotu du zelaia... bioletaz era harrigarrian.

Loreekin batera, itzal koloredunak.

Gau-kolorez estalirik dago zelaia: zelaia bera lo, lo-kolorez.